Ayuntamiento de Doneztebe / Santesteban

Historia

Honako hauek dira herriarekin muga egiten dutenak: iparraldean Sunbilla; hegoaldean Donamaria eta Oitz, ekialdean Bertizarana; eta mendebaldean Elgorriaga.

Leringo Doneztebeko ibarreko erdigunea da. Antso VI.a Jakituna erregeak, 1192an, “Foru” bidez eguneratu zituen Leringo Doneztebeko ibarreko biztanleen jaurerri-prestazioak. 1280an Doneztebe ageri da herri altxorraren ordaintzaile gisa.

Leonor erreginak, 1467an, salbuetsi zuen herria zerga nagusia ordaintzetik. Hogei urteren buruan Joan eta Katalina errege-erreginek herria askatu zuen “eyurdea” izeneko zerga ordaintzetik, bai eta Bidasoa ibaian arrantzan ari zirenen erroldan agertzetik ere. XV. mendearen erdialdean hiri onaren estatusa lortu zuen. Elizaren alderdiari dagokionez Baionako elizbarrutikoa zen 1567. urtera arte.

Etxe multzo zabala du, San Pedro eliza-parrokiaren inguruan hedatua. Gainera, gurtu egiten da herriaren kanpoaldean dagoen San Migel ermitan eta dagoeneko desagertu egin da, Errukiaren Andre Mariaren ermita.

Horra armarriaren hitzez hitzezko deskripzioa: “trae de azul sobre un terreno un árbol, todo en su color natural, atravesado en su base por un jabalí de sable siniestrado”; alegia, zuhaitz bat dago lurzoruan, eta gainean, zeru urdina, beheko aldean basurde beltza dago, ezkerraldera begira. Buruaren eskuineko kantoian zortzi punta dituen urrezko izarra dago, isats argitsua duena.

Hasteko eta behin, beraz, herriaz mintzatuko gara. Herrigunea hiru ibairen artean dago: ekialdean eta ipar-mendebaldean Bidasoa; iparraldean Elgorriagatik heldu den ibaia (Ezkurra); eta mendebaldean eta hego-mendebaldean Oitz eta Donamariatik heldu dena (Ezpelura). Planoetan halako hirigintza-irizpide bat antzematen da; horren arabera bi etxe-multzo handi daude, bata, erregularragoa ekialdean, eta, bertzea, irregularragoa mendebaldean, bi kale luzerekin, zati batean paralelo daudenak. Horiek iparraldetik hegoaldera doan bertze kale laburrago batek mozten ditu.

Erdigune hori nabarmen handitu da. Sortaldera, hau da, Bidasoa aldera hainbat etxe eder daude eta pilotalekua, nabarmentzeko moduko elementua dena.

Galbaraialde ibaiaren gainean zuhaitzez inguratutako pasealekua dago, “Intzakardi” izenekoa. Oraindik dagoen parke horretara jende anitz joaten da, batez ere udan, eta bereziki helduak zaharrak eta haurrak.

Nahiz eta hasiera batean bertako biztanleen oparotasuna merkatarien eta itsasgizon indianoen kontua zela ematen duen, goi funtzionario, militar eta bere india partikularra Espainian aurkitu zuen jende ugari bizi zen bertan. Baina Donezteben hainbat eraikin eta hiri elementu daude, Erdi Aroaren bukaera eta Aro Modernoaren hasierakoak, orduan halako hazkunde bat izan zuela erakusten dutenak. Izan ere, 1497an, pribilegio handiagoak eman zitzaizkion (artean Jakako Forua zegoen indarrean) eta kapareen alkate bat eta frankoen “amirat” bat izendatzeko ahalmena. Dirudienez, orduan hainbat dorre edo harrizko jauregi-etxe eraiki ziren, gerora zaharberritu zirenak, baina estilo gotikoa erakusten dutenak. Hobekien iraun duena “merkatarien karrika” izen esanguratsua duen kalean dago, eta etxe tipikoen ereduarekin bat egiten du.

Ematen du etxeak eraldatu zirela XVIII. mendearen bukaeran edo XIX. mendearen hasieran; leihoak luzatu egin dira, baina gotikoaren ezaugarriak mantenduta.

Halaber, zenbait etxetako atzeko aldean dauden leiho batzuek alde zaharra itxiagoa zen eta gotorlekuaren antza zuen garai batekoak dirudite eta, estilo hori bera mantentzen dute.

XVIII. eta  XIX. mendeetako zaharberritze lanak, batez ere, ekialdeko aldean daude, Bidasoa ibaiaren aldera dagoen horretan, baina lehenbizi gogoratu behar dira “Bertiz” eta “Ezpeleta” abizenen armarriak dituen jauregia. Tradizioaren arabera, Cádizko arkitekto batek eraiki zuen eta lanterna duen patioa du barnean, zaharberrituta. Akademia lana da, XVIII. edo  XIX. mendearen hasierakoa. Bertze etxe bat, irregularragoa, pilotalekuari atxikia dago.

Horiez gain, kanpoan dauden bertze etxe bakartu batzuk nabarmendu behar dira, Elizondorako bidean daudenak. Bitxiena, dudarik gabe, Oteiza izenekoa.

Volver arriba