Bitxikeriak
LAXOA JOKOA
Doneztebeko pilotalekua -Bear Zana- bi pilotaleku dira azken batean.
Pilota-joko hau da gure pilotalekuetan jokatzen den zaharrena eta bertze joko batzuen jatorria da.
Larruzko eskularruak erabiliz jokatzen da.
Hasieran artzainek jokatzen zuten pilota-soro izeneko zelaietan, eta herrietan jokatzen hasi eta gero ospe handia lortu zuen. Arrakasta izugarria izan zuen Euskal Herrian, eta kirol nagusia zen XIX. mendearen erdialdera arte.
Baina pixkana-pixkana desagertuz joan zen ia soilik Baztan-Bidasoa eskualdean iraun arte. Hor txapelketak egiten jarraitzen zen gerraondoa iritsi arte. Orduan desagertu egin zen.
Dena den, Jesús Jaimerena jaunari esker, 1960. urtean berriz sortu zen kirol modalitate hau, egundaino gure ibarretan jokatzen dena.
Plazak, kasu honetan bezala, laukizuzena izan behar du, 60 eta 80 metro bitarte alde batean eta 12-20 m arteko zabalera. Hondoko horma edo errebotea, funtsezkoa da kirol honetan. Zorua belarra izaten zen, baina azken bolada honetan zementua eta asfaltoa gero eta gehiago erabiltzen da.
Botarria, harri, burdina edo zurezko atril baten antzekoa da, hiru hanka dituen euskarri baten gainean dagoena, eta bertan botatzen du pilota sakea egiten duen pilotariak. Finko dago plazako toki batean eta birakaria da, sakatzaileak nahi duen altueran jarri ahal izan dezan.
Eskularruak, lehen aipatu bezala, larruzkoak dira, eta luzeak edo laburrak izaten ahal dira.
Jokoa. Launa jokalari dituzten bi talde. Sakatzaile bat, numero bat eta bi kuarto. Bi taldeak aurrez aurre aritzen dira (tenis partida batean bezla, baina sarerik gabe), eta bederatzi joko egin behar dute. Jokoa da lau tantoko partida txikiak, eta hamabosnaka kontatzen dira.