Ayuntamiento de Doneztebe / Santesteban

ZUBIAK

Turismo - Lugares de interés

Doneztebeko ezaugarri nagusia bere kokaleku estrategikoa da. Hor Leringo ibarrak -Ezkurra eta Ezpelura errekek zabalduta- eta Bidasoako arroak bat egiten dute. Erreka horiek eta Bidasoa ibaiak bat egitearen ondorioz alubioi lurra sortu zen, eta mendeak joan ahala ibarreko ordoki zabalena bilakatu zen. Hor gizakien kokaleku bat egon zen, eta oraingoz haren jatorria aski iluna bada ere, pentsatzekoa da aurkikuntza arkeologiko berriek argia ekarriko dutela horren gainean, eta ziur aski ziurtatuko dela gizakia historiaurrean bazegoela lurralde honetan.

Mendia, ura eta lantzeko lurrak dira, dudarik gabe, herria sortzea eta horrek aurrera egitea ahalbidetu zuten baliabide naturalak. Horren historiak zerikusi handia du erromatarrak gure aroko III. mendetik aitzinera kostaldean egotearekin, horiek Oiasso (Irun) izeneko portua fundatu baitzuten Bidasoa ibaia itsasoan isurtzen den tokian, Txingudiko badian. Hain zuzen ere, Bidasoa izena nahiko argitu da joan den mendeko azken urteotan aurkitu ziren Oiasso portuko hondakinei esker. Beraz, Nafarroako ipar-mendebala eta itsasoa lotzen dituen Bidasoa ibaia da, literalki, Oiassora doan bidea (bide + Oiasso). Eta mendeetan zehar horixe da ibaiak izan duen eginkizuna, mendien artean itsasorako bidea zabaltzekoa, hein batean lurreko bidea, bertzean ibaiko bidea.

ghjgh

Antzinatik ibaiko bidea bultzatu nahi izan zen, komunikazioak izugarri errazten zituelako, eta XVI. mendean Bidasoa ibaia Doneztebetik nabigagarria egiteko proiektua egin bazen ere, baztertu egin zen. Izan ere, orografia gaitza zegoen bertatik Bortzirietaraino, eta orduko teknologia ez zen, inolaz ere, oztopo horiek gainditzeko modukoa. Ordurako Doneztebe Leringo ibarreko herriburua zen eta, Albreteko errege-erreginak berriz ere Nafarroako tronura eraman nahi zituen frantses eta agramondarren koalizioak 1522ko ekainean herria erre eta gero, berreraikitzeko eta zabaltzeko etapa berri bat hasi zen. Horretarako, sarbideak hobetu beharra zegoen; horiek herriaren inguruan dauden ibaien gaineko zubiak ziren.

Herriak, historian zehar, hiru zubi izan ditu, eta luze ez dela zaldain bat ere paratu zen. Garrantzitsuena, Bidasoa ibaiaren gainean, garai hartakoa da ziur aski eta harrizkoa da. “Doneztebecoçubia” izenarekin ageri da dokumentazioan, eta bere jabetza eta mantentze-lana Oteiza auzoaren kontura zegoen ur-emariaren indarretik pilareak babesten dituzten kontrahormak dauden aldean, eta herriaren kontura, bertze aldean.

Ezpelura eta Ezkurra ibaiek bat egiten duten lekuan dagoen bertze zubia herriarena zen, eta harriz egitea 1545ean kontratatu ondoren lehendik zegoen zurezko zubia ordezkatu zuen. Kontratua herrian bizi zen Miguel de Amassa hargintzako lanen maistruarekin sinatu zen. Deigarria da kontratuan arku bakarreko zubi bat aipatzen dela, oinarri sendoak izanen zituena. Ziur aski proiektua aldatu zen eta erdiko pilarea egun dagoen tokira pasatu zen, azken zaharberritze lanean bi erreken elkartzea bideratzen duen hesiaren aldera, alegia.

Hirugarren zubia dago orain aipatu den ur-emari hori Bidasoa ibaira isurtzen den aldean, egungo Intzakardi parkea dagoen lekuan. Agorreta jauna izan zen bere jabea, XVI. mendean. Zenbait datuk adierazten dute Agorretaren jauregiko jabetzak markatzen zituen mugarria Hugarteko bidexkan zegoela, hartara, garai bateko trenbidean zegoen aldean behar zuen.

Hortaz, Aro Modernoko Doneztebe herria komunikatzen zuten hiru zubiek hiru jabe ezberdin zuten. Bidasoaren gainean zegoena Oteiza auzoarekin partekatzen zen, Elgorriagakoa udalarena zen eta trenbidekoa bezala ezagutzen duguna, jaun batena. Uste izatekoa da haietatik igarotzea librea zela haietako batzuetan eta bidesaria ordaindu beharko zela bertze batzuetan. Hor egon dira luze eta hala jarraitzea espero dugu, gure herriaren inguruan dauden urak ikusten gozatu ahal izan dezagun. Izan ere, herriko toki natural xarmagarriak dira.

Volver arriba