Doneztebeko ibai-ertzetan bizi den landaredia haltzadiak dira. Ibai-ertzaren aldaparen arabera, lerro bakarra osatzen dute topografia malkartsuetan edo, ibarra zabaltzen bada, hainbat metrotan hedatzen dira zabalean. Haltzaz gain, oilakarana, sahats-hauskara eta ahuntz-sahatsa, hosto zabaleko lizarra eta mendi zumarra egoten dira. Haltzadia hein batean edo erabat hondatua dagoen tokiak zuhaixkek hartzen dituzte. Honako hauek, besteak beste: intsusa beltza, hurritza, arkakaratsa, masusta eta, batzuetan, ezpela.

çñ

Ibaian eta inguruan bizi diren ugaztunak, ordea, honako hauek dira: ipurtatsa, lepahoria, lepazuria eta azkonarra. Inguruko basoetan ez dira falta katagorria, satitsu txikia, Millet satitsua eta lursagu gorria. Basurdeak eta orkatzak bertan ibiltzen direla ere ezagun da, haiek utzitako arrastoei esker.

Eta honako hauek dira bertako hegaztiak: martin arrantzale ikusgarria, buztanikara zuri eta horiak eta txikiagoak diren beste anitz, hala nola kaskabeltz txikia, txantxangorria, birigarro arrunta, uda-txirta, pitxartxar burubeltza, garrapoa, gerri-txori arrunta eta amilotx mottoduna. Harraparien artean, aztorea, zapelatz arrunta, urubia, eta mirotz zuria, azken hori landa eta belardien gainean hegan. Okilen artean, okil berdea, okil handia eta okil txikia daude.